2013/06/13

Bide berriak

Bakartxo Tejeríak, Eusko Legebiltzarreko lehedakariak, uda ikastaroa aurkeztu du


Bideoa


“Demokrazia horren gaiztoa ez den sistema politikoa da” zion Churchilek, Gotzon Garatek euskaratu zuen moduan. Beste era batera esanda, demokrazia da -orain arte- sortu den sistemarik onena. Horretan ez dago zalantzarik. Baina ona dena beti hobetu daiteke, hobetzeko bidea dago. Hori gertatzen da demokraziarekin, alde asko ditu hobetu behar ditugunak. Demokraziak ere bere mugak dituelako. Demokrazia berari buruz eta dauden muga horiek nola gainditu, demokrazia nola hobetu eta sakondu, guzti horri buruz hausnartu beharrean gara. Behar hori sumatzen baita gure gizartean.

Gogoeta hori Legebiltzarretik bultzatu nahi genuke. Legebiltzarra , bere baitan herritarren ordezkaritza politikoa hartzen duen ganbara legegilea, sistema demokratikoaren ardatza baita. Eta horrexegatik ere “demokraziaren izatasunari” buruzko eztabaida sustatzeko gune aproposa da.

Eztabaida eta gogoeta hau Kelsenek duela jada mende bat sustatu zuen, garai zail eta gogorrean. Bai horixe! Orain, gizaldi bat beranduago eztabaida hau behar etikoa bilakatu zaigu eta elkarbizitzarako lagungarri.

Herritarren eta hauen ordezkari politikoen arteko hartu emana hobetzea da helburu. Bide berriak zabaltzea kontsentsu politiko berriak bideratze aldera. Alde horretatik, lortu beharko genuke gizarte behar eta gogoak eztabaida politikoan txertatzea. Bide horretatik lortuko dugu demokrazian sakontzea. Eta bide horretatik, ere, gure lan instituzionala aberastuko dugu eta herritarren bizi kalitatea hobetuko.

Guzti honetaz gogoeta egitera zuzentzen da Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatu duen Ordezkaritza politikoa eta demokraziaren krisia izena eta izana duen uda ikastaro hau. Gogoeta orokor horretan gure gazta zatia jar nahi genuke eztabaida honetan sakontzeko.

Eta horretan guztion parte hartzea behar dugu, zor dugu. Hemendik animatu nahi dizuet parte hartzera, zuen gogoetak eta iritziak ongi etorriak izango dira.

Hel diezaiogun, beraz, gogoeta honi!

Bakartxo Tejería. Eusko Legebiltzarreko lehendakaria

1 comentario:

  1. Bada, hona hemen gogoeta bat: ez al da izango euskal herriko demokraziak duen mugetariko bat -agian nagusia- madrileko konstituzioa?

    ResponderEliminar